XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

120. artikuluak pertsona natural edo juridikoen erantzukizun zibil subsidiarioa edo ordezkoa arautzen du, azken hauen denda nahiz enpresatan, polizia erreglamenduak urratu direnean, edo beren titulartasuneko aldizkari, telebista edo gainontzeko komunikabideak delitu edo hoben bat egiteko erabiltzen direnean.

Baina, batez ere, 4. parrafoa izango da garrantzitsua enpresa munduan, bertan enpresarien edo pertsona juridikoen gestoreen erantzun beharra jasotzen baita.

Hala da, artikulu honetan irakurri daitekeenez erantzule zibilak izango dira ere, kriminalki erantzule direnen ordez: (...)4. Edozein motatako industrian edo merkataritzan diharduten pertsona naturalak edo juridikoak, beren menpekoek nahiz langileek, ordezkariek edo gestoreek dagozkien zerbitzuak betetzerakoan egindako delituengatik edo hobenengatik.

Kode Zibilaren 1903. IV. artikuluak, bestalde, enpresa edo lantoki bateko zuzendarien eta jabeen erantzukizun zibila berresten du, beren langileek dagozkien funtzioak betetzerakoan eragindako kalteengatik.

Pertsona hauen erantzukizuna desagertu egingo da famili-buru on baten diligentziaz jardun dutela frogatzen badute.

Eta 1904 artikuluak gehitzen du: menpekoek egindako kalteengatik ordaintzen duenak haiei ordaindutakoa itzultzeko eska diezaieke

Hemen ere araudi bikoiztasunak zenbait arazo panteatzen ditu: Kode Zibilak enpresariaren diligentzia frogatzea ahalmentzen du, baina, Kode Penalak ez du azken neurri hau onartzen, ondorioz, lehenengo kasuan xedapen zibilak enpresaria erruduntzat jotzen du eta beraz, erantzule zuzena izango da eta araudi penalarentzat, berriz, erantzule ordezkoa eta objektiboa izango da.

Xedapen zibila gogorragoa da enpresaria beste batek eragindako kaltearen erantzule zuzen izendatzen baitu, baina kontrakoa frogatzea onartzen du Zuzenbide Penalak ez bezala, non enpresaria beti ordezko erantzule izango baita.

Dena dela, beti ere ezusteko kasu bat egon dela edo bere diligentzia absolutua izan dela aurka daiteke eta, hau ere ezinezkoa bada, azken irtenbidea langileari ordaindutakoa bueltan eskatzea izango da.

Berriro ere, egintza hauen aurrean lehenago aipatutakoa errepikatu behar dugu: onartezina da arau bikoiztasun hau bi erantzukizunen oinarria berdina delako, eta azken batean biak egitate berdin baten bi aldeak besterik ez direlako.

Azkenik, 121. artikuluaren edukia aipatu behar dugu, non administrazio publikoen erantzukizun zibila jasotzen baita beren funtzionari, autoritate edo kontratatuek beren lanean egindako galerengatik (beti ere, hauen jokabidea delitu bezala deklaratu bada).

Sententzia ugari daude Estatuaren erantzukizuna ezartzen dutenak, baina, batzutan gaizki aplikatu izan da Kode Penala (bereziki zaharra) eta zenbaitetan erantzukizun zuzen eta solidariotzat jo zuten. Dena dela, azken aldian badirudi gauzak bere onera itzuli direla (ikus AGS, 2. Sala, 1995eko martxoak 29koa).

2.1. Erantzukizun zibilaren edukia

Gure lanaren ariarekin jarraituz, eta erakundearen izaera eta berezitasunak aztertu ondoren, orain delitutik eratorritako erantzukizun zibilaren edukiari buruz hitzegin behar dugu.

Eginkizun horretarako Kode Penaleko artikuluetara joko dugu berriro ere, txanda honetan, 110-115 artikuluetan jasota azalduko zaigu gai zehatz hau: erantzukizun zibilaren barne sartzen dira: 1. Itzultzea, 2. Kaltearen konponketa, 3. Kalte material eta moralen ordainsaria (110. art.). Ikus dezagun elementu bakoitza banan-bana.